Pertsonari ematen zaion Saria Georges Belingak jaso du aurten “bere jarrera ekintzailearengatik eta inmigraziora modu positiboan hurbiltzeagatik”, Koop SF 34ren bitartez. Belingak, “gure elkarteak egin duen lanari eta San Frantziskon lantzen ari den eredu berritzaileari” emandako bultzada gisa ulertzen du aintzatespena.
–Gazteak prestatzea eta integratzea da enpresa batean gure Sariak merezi izateko baloratzen den alderdietako bat. Uste al duzu hori jasotzea lagungarria izan daitekeela etorkizunean jasotzen duenarentzat?
Inolako zalantzarik gabe, Novia Salcedo saria lortzeak oihartzuna du toki, nazio eta nazioarte mailan. Sari horrek ikusgaitasuna ematen du, eta, azken finean, ondo egindako lanaren abala da, beste batzuen aurrean. Gure kasuan, Bilboko auzo umilenean dagoen eta migratzaileek sortu duten enpresa haztegi umila izateak eragin bikoitza du. Gure erakundeak eta laguntzen diguten gainerako erakunde eta elkarte guztiek egindako lana aintzatesteaz gain, San Frantzisko auzoan lantzen ari den eredu berritzailea ere aintzatesten da. Horrela, Novia Salcedo Sariari esker, auzo hau arrakasta, berrikuntza eta elkarrizketa dela dioen mezua zabaltzen dugu mundura. Eta ezaugarri horiek errezeta bikaina izan ohi dira arrakastarako.
– Aurten, Administrazio publikoak saritzen dituen kategoria gehitu dugu. Ados al zaude lankidetza publiko-pribatuak gazteen enplegu eta laneratze politikak bultzatzen dituela esatearekin? Zehatzago esanez, zelan bizi duzu zure erakundetik?
Inolako zalantzarik gabe, uste dut lankidetza publiko-pribatua oso emankorra dela enpleguarekin erlazionatutako guztian. Beharrezkoa eta ezinbestekoa da, eta uste dut emaitzak argiak direla. Gure kasuan, uste dugu erakundeekin dugun lankidetza –Udala, Aldundia eta baita Eusko Jaurlaritza ere– ezinbestekoa izan dela. Horri esker, hezkuntzarekin eta enplegagarritasunarekin erlazionatutako programak modu bateratuan bultzatu ahal izan dira.
–Gazteak, emakumeak, ekonomia berdea, ekonomia zirkularra… Novia Salcedo Fundazioan asko baloratzen ditugun arloak dira. Zure iritziz ezinbesteko erreferentziak al dira erakunde modernoen garapenean?
Inolako zalantzarik gabe, horiek dira ekonomia berriaren zutabeak. Emakumeak eta gazteak inplikatuko dituen ekonomia berdea, zirkularra eta iraunkorra. Kategoria horietan, SF 34tik uste dugu badagoela gainditu gabeko beste ikasgai bat ekonomia berrirako eta, hori, zalantza barik, inmigrazioa da. Zoritxarrez, gure ekonomiaren iraunkortasun arazo asko arintzera heldu den arren, zirkuitutik kanpo geratu da, arazo burokratikoak direla eta.
-Zure esperientziatik, zein izango litzateke gazte etorkinen artean ekintzailetza bultzatzeko betekizunetako bat? Eta enplegua bultzatzeko?
Betekizun nagusia, gure artean bizi diren pertsonentzat lanerako baimenak lortzea da. Paradoxa dirudien arren, ekintzaileak eta langileak behar dira, baina, aldi berean, ezin dute lanik aurkitu, ezta euren lanpostua muntatu ere, ez dutelako lanerako baimenik. Gazte etorkinen enplegagarritasuna handitzeko beste betekizun bat eurei zuzendutako prestakuntza plan bereziak sortzea da, zein sektoretan egin ditzaketen ekarpen gehiago ikusita, jende guztia alor berberetan prestatu beharrean. Adibide gisa, Koop SF 34tik, Udalaren, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, pertsonak nazioarteko merkataritzan, modan, gastronomian, turismoan, denbora librean… ari gara prestatzen.
Auto-enpleguari dagokionez, Koop SF 34tik ikusten dugu etorkinen (lan egin dezaketenen) arteko ekintzailetza tasa bertakoena baino altuagoa dela, eta horren zergati nagusia, bestela lanpostua aurkitu ezin izatea da. Horrela, paradoxa dirudien arren, jatorriz etorkinak diren gazte langileak integratu ezinean jarraitzen badugu, batzuk frustraziora eta bazterketara bultzatuko ditugu, eta beste batzuk ekintzailetzara, modu duinean bizitzeko era bakarra baita.
-Amaitzeko, zein helbururekin erabaki zenuen zure kandidatura NoviaSalcedo Sarietara aurkeztea?
Inoiz ez nuen pentsatu Georges Belingak inolako saririk merezi zuenik. Novia Salcedo Sariak proiektu bati eta auzo bati ikusgaitasuna emateko aukera zirela ulertu nuen. Are gehiago, gugandik gertu dauden pertsonei, erakundeei, enpresei eta elkarteei eskerrak emateko eta laguntzen jarrai dezatela eskatzeko modua da. Azkenean, zenbait urtez lanean gogor aritu ondoren, arrakasta ospatzera esertzeko egun bat izango dugu. Arrakasta auzo batena da, baina, batez ere, horrelako proiektu bat onartzen eta laguntzen jakin duen euskal gizartearena da.