NoviaSalcedo Sariek ibilbide luzea dute enplegagarritasunaren bultzadan. Uste al duzu Fundazioak lan egokia egiten duela alor horretan?
Novia Salcedo Fundazioa erreferentea izan da beti gazteen enplegagarritasunaren bultzadan eta hori hobetzearekin erlazionatutako gizarteko eragileen lotura lanean. Enplegagarritasuna hobetzeko alor horretan ibilbide luzea, programa eta ikuspegi berritzaileak dituzten Novia Salcedo Sariak, eragile horien guztien bultzada eta aintzatespen mekanismo bikaina dira, eta balio handia dute, inolako zalantzarik gabe.
Gazteak prestatzea eta integratzea da enpresa bati gure Sariak emateko orduan baloratzen dugun eskakizunetako bat. Uste al duzu saria jasotzea lagungarria izango dela etorkizunean jasotzen duenarentzat?
Dudan esperientzia dela eta, ziur nago Novia Salcedo Saria bezalako aintzatespen bat jasotzen duen erakunde osorako, pizgarri eta poza izateaz gain, etorkizunerako bultzada ere badela. 2009an, Tomillo Fundazioak gizarte erakundearen Saria jaso zuen, eta guretzat beti izan da asko baloratu izan dugun aintzatespena, eta izen handia eman digu egoera zaurgarrienean dauden gazteen gizarteratzearen eta enplegagarritasunaren alde lan egiten duen erakunde gisa. Horrela, gazteen prestakuntzan eta integrazioan inplikatuta dauden enpresei ematen zaien sariak garrantzi berezia du, enpresek gazteen etorkizuneko enpleguan bete behar duten lekuaren aintzatespen gisa.
Aurten, Administrazio publikoak saritzen dituen kategoria gehitu dugu. Ados al zaude lankidetza publiko-pribatuak gazteen enplegu eta laneratze politikak bultzatzen dituela esatearekin?
Gazteen langabeziaren erronkak, sektore eta eragile anitzeko ikuspenean oinarritutako ikuspegi sistemikoa du. Horrelako erronka konplexuei aurre egiteko modu bakarra, Erakunde Publikoak, enpresak, hezkuntza sistema eta ikastetxeak eta inplikatutako gainerako eragileak elkartuko dituen lankidetzan oinarritutako ikuspegia da. Inolako zalantzarik gabe, Erakunde Publikoak sari hauetan sartzea oso garrantzitsua da, eta lankidetza ildo horretako jarduketa hoberenak ikusgai bilakatzeko aukera emango du, lankidetzarako formula eta ekimen berriak bultzatuz.
Emakumea, ekonomia berdea, kontziliazioa… Asko baloratzen dugu enpresa txikiek eta ertainek gai horiei buruz egiten duten tratamendua. Zure iritziz ezinbesteko erreferentziak al dira enpresa txiki baten garapenean?
Ezinbesteko erreferentziak dira ekonomiaren orainaldia eta etorkizuna bizi nahi duen eta gizartea modu jasangarrian eraldatzeko eragile izan nahi duen enpresa ororentzat. Espainian bide luzea daukagu oraindik kontziliazioaren, berdintasunaren eta jasangarritasunaren alorretan, eta enpresa txikiek eta ertainek arlo horretan gauzatu dituzten jarduketa positiboak balioan jartzeak lagundu egiten du, inolako zalantzarik gabe, hori enpresa handien kontua baino ez dela dioen mitoa apurtzen. Enpresarien irudia hobetzeko beharrezkoa da faktore horiek enpresa txikien eta ertainen egituran duten errealitatea hobetzea, horiek baitira gure herrialdean benetan enplegua sortzen dutenak.
Amaitzeko, zergatik onartu zenuen NoviaSalcedo Sarietako Epaimahaiko kide izatea?
Tomillo Fundaziotik beti sentitu gara hurbil eta beti miretsi izan ditugu Novia Salcedoren zorroztasuna eta lan bikaina, eta ikuspegi askotatik jarraitu beharreko eredua izan da eta da. Bere taldearen ikuspegia eta lana erreferentzia dira fundazioen sektorean. Niretzat benetako pribilegioa da horrelako ospe handia duten eta gizarte eta gazteen lan arloko gure lanarekin hain erlazionatuta dauden bere Sarietako epaimahaikide izatea.