2016ko apirilaren 21ean Bilbon elkartu zen “Gazteen Lan Integrazioko bikaintasunaren Novia Salcedo Sariaren” VII. edizioko Epaimahaiak, Antonio Garrigues jauna buru zela, saria sakonean berrikustea iradoki zuen, 7 edizio arrakastatsuren ondoren. Berrikuspen horretan munduko arazo larrienak hartu behar genituen kontuan, eta horien artean zeuden, besteak beste, baztertuen daudenen gizarteratzea eta hezkuntza.
Gizateriaren arazo larrienetara hurbiltzeko modu gisa, gure iritziz, NBEaren Batzar Nagusiak 2015eko irailean onetsi zuen 2030 Agenda da “Gizateriaren ongizatea eta planeta osasungarrian guztiontzako bakea eta aurrerapena bermatzeko asmo handiko helburua sustatzeko daukagun esparru egokiena” (Antonio Guterres, Idazkari Nagusia).
Novia Salcedok ondo ezagutzen du Agenda hori jatorritik, eta bertan ezartzen diren helburuak lortzeko konpromisoa du, Nazio Batuetako Ekonomia eta Gizarte Batzordean kontsulta estatus berezia duen eta erakunde horretako Informazio Publikoko Sailarekin kidetuta dagoen erakunde den heinean.
Gazteen enplegagarritasuna hobetzearen aldeko ia 40 urteko ibilbidearekin batera, gaur egun are gehiago eskatzen digun esparru bat daukagu aurrean, elkarren artean lotuta dauden 17 helburuk eta 169 xedek osatutako Agenda. Gazteentzako enplegua Agendaren parte da eta, gainera, genero berdintasunarekin batera, bizkortzaile nagusietakoa ere bada.
Novia Salcedoren iritziz planetako gazte guztiei enplegu duina ematea motor garrantzitsua da pertsonen, enpresa-erakundeen eta gizartearen eraldaketa ekonomikorako eta sozialerako. NSFk bat egin du 8 b helburuan adierazitako ikuspegiarekin, 2030erako gazte guztientzat erabateko enplegua, gizarte babesa eta lana egon dadin.
Testuinguru horretan, uste dugu Novia Salcedo Sarien VIII. Edizioa aukera bikaina dela aurrerapausoa emateko eta 2030 Agendaren eta, zehatzago esanez, gazteekin eta enplegagarritasunarekin zuzenean erlazionatuta dauden helburuen, zerbitzuan dagoen erreferentea bilakatzeko. Hauek dira:
- GIH 4. Hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzea eta bizitza osoan guztientzat ikasketa aukerak sustatzea.
- GIH 5. Generoen arteko berdintasuna lortzea eta emakume eta neskato guztiak ahalduntzea.
- GIH 8. Ekonomiaren hazkunde eutsia, inklusiboa eta iraunkorra, enplegu osoa eta produktiboa eta denontzako lan duina sustatzea.
- GIH 10. Herrialde barruko eta herrialdeen arteko desberdintasuna murriztea.
Amaitzeko, ezin dugu ahaztu aurten Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena betetzen dugula. Adierazpen horren 23, 25 eta 26. artikuluek lan, soldata eta babes eskubideei eta lanarekin erlazionatutako giza duintasunari, bizitza maila egokiari edo hezkuntzari buruz hitz egiten digute. Bertan identifikatuta dauden erronkek eta konpromisoek indarrean jarraitzen dute.
Modu eraginkorrean lortzeko, beharrezkoa da pobrezia bere forma eta dimentsio guztietan baztertzera, herrialdeen arteko desberdintasunari aurre egitera, ekonomiaren hazkunde iraunkorra, inklusiboa eta eutsia sortuz planeta zaintzera eta gizarteratzea modu interdependentean garatzera bideratutako ikuspegi berria. Hori izango da, beraz, Novia Salcedo Sarien VIII. Edizio honetan gidatuko gaituen ikuspegia eta esparrua